Nafar estatuaren gotorlekura

17 Jun

GOIERRIKO HITZA 2010/06/16

Goierriko eta Tolosaldeko Nafarrek eta Orreaga iritzi taldeak deituta Ausa Gazteluko ekitaldia egingo dute larunbatean, «Nafar Estatua berreskuratzeko zilegitasuna» aldarrikatzeko.

Kondaira zaharrak dioenez jentilen bizileku ere izan zen, baina gaur egun Nafarroako erresuma defendatu zuten gotorlekuetako bat izan zelako gogoratzen dute gehienek Ausa Gaztelu. Izenak berak eta bertan dauden aztarnek, behinola defentsarako gunea izan zena ekartzen dute gogora. Azken urteetan egin duten moduan, Goierri eta Tolosaldeko Naparrak deitzen dioten taldeak ekitaldia egingo du asteburuan. Nafarroaren bandera eta ereserkia oinarri hartuta, «Euskal Herri osoak Europako Nafar Estatua berreskuratzeko duen zilegitasuna» aldarrikatuko dute.

Aralar parke naturalean, Zaldibiako lurretan eta 900 metroko altueran dago Ausa Gaztelu. Kokapen horri esker inguruko bailaren gaineko ikuspegi bikaina dago bertatik (Albizturgo Mendikute gaztelua ere ikus zitekeen). Ikuspegia izango zen, seguruenik, bertan gotorlekua kokatzeko arrazoi nagusietako bat, baina bazen gaztelua bertan eraikitzeko beste arrazoi bat ere. Izan ere, Nafarroako Erresumaren ekialdea eta mendebaldea lotzen zituen bidexka zaintzeko gunerik aproposena ere bazen. Goierritik abiatu eta Irurtzunera iristen zen Enirioko galtzada, artzain eta ganaduzaleen pasorako bide nagusietako bat izan zen.

Nafarroaren historiari lotuta

Ausa Gaztelu Nafarroako Erresumaren historiari estuki lotuta egon da, eta haren gainbeherarekin batera etorri zen gazteluarena ere. XI. mendetik Araba, Gipuzkoa eta Durangaldea Nafarroako erresumaren parte ziren. 1162. urtean Antxo Azkarrak Erresuma sendotu nahian Errioxako eta Gaztelako hainbat lur konkistatu zituen. Hamar urte geroago, Gaztelaren eta Nafarroaren arteko gatazka berpiztu egin zen, eta borroka gogorrak izan ziren mugako herrietan. Ingalaterrako Enrike II.a erregeari bitartekari lanak egiteko eskatu zioten bi aldeek. Hark, XII. mende bukaerako dokumentu batean dioenez, « Nafarroako erregearen lurra Oiarsouna portuan hasi (Iparraldea ingelesen esku zegoen) eta Kastroraino iristen da, non Nafarroako eta Gaztelako lurrak banatzen diren».

1179. urtean gatazkan ziren bi erreinuek bake akordioa sinatu zuten, baina bakeak 20 urte besterik ez zuen iraun. 1199an Alfonso VIII.a Gaztelakoaren tropak Nafarroako erresumako lurretan sartu eta Araba eta Gipuzkoa hartu zituzten, tartean baita Ordizia ere. Nafarroako erresumaren mugak aldatzea ekarri zuen gertaera hark, eta inbasioaren aurrean defendatzeko hainbat gaztelu altxatu zituzten Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan. Haietako bat zen Ausa mendikoa.

Gazteluaren gainbehera

XII. eta XIII. mendeetan egindako zaintza lanen ondoren, XIV.ean etorri zen Ausa-Gazteluren gainbehera. 1321ean berritu egin zuten, gazteluaren zati bat erorita baitzegoen. 1333 eta 1334 urteen artean, berriz, dorre nagusia, putzua eta hormak konpondu zituzten. Urtebete geroago Pedro Ladron de Gebarak gaztelua galdu zuen, gipuzkoarren mesedetan. Nafarroako erregeak zigortu egin zuen galera harengatik.

XIV. mendearen erdialdetik gaztelua erabat utzita egon da sei mendez. Gaur egun behinola gotorlekua izan zenaren hondarrak besterik ez dira gelditzen. Borobil formako eraikina zen, 19 metroko diametroa eta 300 metro koadroko azalera zuena. Haren barruan, beste zirkulu bat osatuz, ur putzua zegoen. Sarrera bigarren solairuan zuela uste da, behekoan ez baitago sarbiderik. Horma nagusiaren eta putzuaren aztarnak ikus daitezke oraindik.

1916. urtean Joxemiel Barandiaranek gidatuta indusketa bat egin zuten, eta ikerketa gehiago ere egin izan dira, bat 1971n eta bestea 1999an. Barandiaranek aurkitutako aztarnen artean XIII. mendeko armak eta bestelako gailuak daude.

«Nafar Estatua» aldarrikatuko dute larunbatean egingo duten ekitaldian

Goierriko eta Tolosaldeko Nafarrek eta Orreaga iritzi taldeak deituta urteko ekitaldia egingo dute larunbatean Ausa Gaztelun. Antolatzaileek azaldu dutenez, «Euskal Herri osoak Europako Nafar Estatua berreskuratzeko duen zilegitasuna» aldarrikatuko dute. Martxaren helburua «Europako Batasunean Euskal Herriari nazio moduan eta beronen adierazpide nagusia izan behar duen Nafar Estatuari zor zaion begirunea» aldarrikatzea dela diote.

Larunbat goizeko 10:00etan elkartuko dira Larraitzen, eta handikoinez joango dira Ausa Gaztelura. Behin gainera iritsitakoan, gazteluaren aztarnak ikusi eta Nafarroaren bandera jarriko dute. Ondoren, aurreko urteetan egin duten bezala, Nafar Gorteetako ereserkia kantatu eta manifestua irakurriko dute. Ausa Gazteluko ekitaldia bukatutakoan, atzera Larraitzera jaitsiko dira ibiltariak. Eguerdiko 14:00etan manifestazioa egingo dute eta ondoren bazkaria.

2 Responses to “Nafar estatuaren gotorlekura”

Trackbacks/Pingbacks

  1. Auza Gazteluko eta Noaingo martxak - GUKIN ZOPIZARREN! - June 30, 2010

    […] – AusaGaztelu.tk: Ausa Gaztelu gailurreko dorrearen historia.    – AusaGaztelu.tk: Nafar estatuaren gotorlekura, Goierriko Hitza.    – AusaGaztelu.tk: Ausa […]

  2. Auza Gaztelu eta Noaingo martxa 2010 - Nafar Estatua gogoan - GUKIN ZOPIZARREN! - June 30, 2010

    […] – AusaGaztelu.tk: Ausa Gaztelu gailurreko dorrearen historia.    – AusaGaztelu.tk: Nafar estatuaren gotorlekura, Goierriko Hitza.    – AusaGaztelu.tk: Ausa […]

Leave a comment