Ausa Gazteluko Adierazpena 2010

21 Jun

EUSKAL HERRIA NAZIOA, NAFARROA ESTATUA

Europako estatu inperialisten batasun honetan Estatu propioa izatea ukatzen zaigu nafarroi. Bai, nafarrak ginelako eta sekula ez genuelako izateari uztea erabaki. Beste batzuek gure partez erabaki zuten. Nafar Estatua, bere garaian ezagutua eta errespetatua izan arren, frantziar eta espainiarren inperio goseak eta erlijio ikuspegi baztertzaileak bultzatua inbaditua izan baitzen.

Demokrazia hitza ahoan etengabe darabilten Europako agintariek estatu berriak sortzeko eskubidea aitortu die zenbait herriri. Zer dela eta ez guri? Guk, nafarrok, eskubide bera aldarrikatzen dugu geuretzat: Nafar Estatu Osoa berreskuratzeko zilegitasunean oinarrituta, Europako Batasunean estatu propioa izatea alegia.

Bortxaz eta armaz inbaditu eta menderatu gintuzten, baina, menderatze horren kontra geure barru-barrutik adierazi ohi dugu nafarrok ezadostasuna. 1200ean lurralde hauek inbaditu zituzten, bai; guda hura irabazi zuten, bai; baina horrekin ez zuten zilegitasunik irabazi. Inbaditzaileek gizaki eta herrien kontrako delitu larria egin zuten, eta delitu horrek ez du preskripzio datarik. Hemen, Ausa Gazteluko muino honetan, Nafar estatuaren zaintzarako behatoki zen honetan, gu, gaurko euskaldunok, Estatu legitimoa berreskuratzeko borrokan ari garela adierazi nahi dugu.

Herritar libreen Estatu librea aldarrikatzen dugu. Hau da: giza eskubideak errespetu, herritarren borondatean oinarritutako legedia bermatu eta agintarien gehiegikerietatik herritar xehea babestuko duen Estatua.

Estatu horren berezko hizkuntza, “Lingua navarrorun” izenez ere ezagutua den euskara, lurralde osorako hizkuntza ofizialtzat hartu, eta beste inorena baztertu gabe, nafar herritar guztiok erabil ahal dezagun bermatzea exigitzen dugu. Horrekin batera, geure geureak diren herri ohitura eta kultur adierazpenak errespetatuak izan daitezen exigitzen dugu.

Hemen gara; harrokeriarik gabe, baina harro; apal, baina tinko; pausoz pauso, baina etenik gabe; argi eta ozenki, baina zalapartarik gabe. Hemen gara, Europaren lau haizetara zer garen zabaltzeko. Hemen gara, nafarrak gara.

Gora Euskal Herria askatua!

Gora Nafar Estatua!

Ausa Gaztelun, 2010eko garagarrilaren 19an.

3 Responses to “Ausa Gazteluko Adierazpena 2010”

  1. Jon July 27, 2010 at 7:56 am #

    Auza Gazteluko 2010eko martxaren argazki guztiak helbide honetan dituzue: http://www.blogak.com/zopizarren/auza-gazteluko-eta-noaingo-martxak

Trackbacks/Pingbacks

  1. Auza Gazteluko eta Noaingo martxak - GUKIN ZOPIZARREN! - June 30, 2010

    […] – AusaGaztelu.tk: Nafar estatuaren gotorlekura, Goierriko Hitza.    – AusaGaztelu.tk: Ausa Gaztelu gailurrean irrakurri zen adierazpena.    – ZirikaIrratia.tk: Ausa […]

  2. Auza Gaztelu eta Noaingo martxa 2010 - Nafar Estatua gogoan - GUKIN ZOPIZARREN! - June 30, 2010

    […] – AusaGaztelu.tk: Nafar estatuaren gotorlekura, Goierriko Hitza.    – AusaGaztelu.tk: Ausa Gaztelu gailurrean irrakurri zen adierazpena.    – ZirikaIrratia.tk: Ausa […]

Leave a comment